
Intxur izena du Aldaban osatu den elkarteak, baina orain bilgune bat behar du, hortik aurrera abiatzeko eta lanean hasteko; asteburu honetarako elkarteak San Miguel jaiak antolatu ditu.
Intxur elkartea, Aldabaren alde
NEREA URBIZU
Intxur elkarteak (Aldabako biztanle talde batek osatutako elkarte berria) aurten ere Aldabako festetako egitaraua antolatu du datorren asteburu honetan. Tolomendiren bidez Berpiztu planak animatu zituen aldabarrak elkarte bezala funtzionatzea: «Tolosako udaletxera iradokizunak egitera joan izan garenean, banaka, edo indibidualki joan gara. Orain, erosotasunarengatik edo, taldean joanda, errazago izango da, bai udalarentzat eta baita guretzat ere».
Tolomendik eman zuen lehen pausoa eta batzorde orokor bat osatu zuten urte hasieran Aldaban, «egun horretan 70 bat lagun elkartuta». Lantaldea osatu zen eta 12 bat lagun daude bertan. «Orain arte hiru taldetan bezala geunden banatuta: Aldaba Erreka, Eliza ingurukoa eta goiko zonaldea, hain zuzen».
Berpiztu programaren helburu nagusiak auzotarren beharrak, asmoak eta egin nahiak ezagutzea eta aztertzea dira. Horretarako diagnosia egiten ari dira, eta ondorioz, auzoan aurrera eraman nahi diren proiektuak jasoko dituzte. Abiapuntua, beraz, aldabarrak biltzeko, komunikatzeko, elkartzeko eta egoteko bilgune bat izango litzateke: «Zentzu horretan ikusten dugu Aldaba hilda bezala dagoela. Bilgunea izanda, ekitaldi kulturalak ere egin ahal izango genituzke».
Aldaba auzo oso zabala da: «Ez da erraza biltzea, eta auzoa zabala izateak ez du laguntzen». Ondorioetako bat, behar kopuru handia da. «Hainbeste gauza daukagu... 1960. urteko arau berriztatzaileak daude oraindik eta horrek ere asko mugatu gaitu: ordutik ez da ezer egin. Beraz, beharrak zein diren? Denak».
Aho batez aldabarrek lokalaren edo elkartzeko leku baten beharra ikusten dute: «Hori izanda, hortik abiatu gaitezke. Orain apaizaren etxean biltzen gara. Auzolanean egin zen bere garaian (duela 50 urte inguru), eliza, pilotalekua eta eskola bezala. Batzordeak funtzionatzeko lokal bat behar dugu». Berpizturen erantzuna «ona» izan da. «Guk lau urteen baitan aurrera eraman nahi dugun programa aurkeztu dugu, nahi ditugun eskaerekin eta hitzarmen hori sinatzearen zain gaude». Udalaren eta auzo elkartearen arteko hitzarmenaren sinaduraren zain daude, beraz, Aldaban.
Orain Apezpikutzarekin harremanetan jarri da Tolosako Udala, apaizaren lokala Aldabari uzteko-edo. Beraz, aldabarren lokala hura izan daiteke, gaur egun uzten dietena, alegia.
Aldaketa edo eskaeren artean, Aldabako gunera iristeko errepidearen hobekuntza izan zen: «Errepide bazterrak margotu egin dituzte eta asfaltoa zertxobait hobetu dute», baina autoa hartzen duen edozeinek ikus dezake oraindik ere hobekuntzak egin daitezkeela, adibidez, zabaldu.
«Desagertzeko arriskuan ez»
Aldabarrek ez dute auzoa desagertzeko zorian ikusten. «Horretaraino ez, baina bai hilda bezala. Etxeetan jendea bizi da, baina lehenago 6 senide bizi ziren etxe bakoitzean eta orain bat edo bi».
Hustutzen joan dira etxeak; etxebizitzak egiteko aukera badago, eta asmoa ere bai, eta guztia herrigunean egitekoa: «Orain arte arau berriztatzaileek mugatzen gintuen, ezin zen ezer egin, baina orain aldatzearekin, aukera batzuk badaude. «Bederatzi bat etxebizitza egiteko aurreikusia dago proiektuan». Honekin, «guk uste dugu joan den jende hori etorriko litzatekeela».
«Zerbitzuen falta»
Gezurra badirudi ere, Internetik ez dago Aldaban, eta telebista ere ez da guztiz ondo ikusten. Autobus zerbitzurik ere ez dago, eta «autorik ez duen jendea taxiarekin» eta telefonoaren menpe bizi da. Putzu septikoen beharra dago, hau da: «Gure zabor guztiak errekara doaz. Bihurguneak behar ditugu hauek bideratzeko».
Tabernarik ere ez dago, horregatik eskatzen dute lokala. «Hura zegoenean, elkartzea errazagoa zen, aitzakia horrekin. Urtean bi edo hiru afari eginez gero han biltzen ginen. Baina orain ez dago tabernarik. Komuna publikoak ere ez daude».
San Miguel festak bihar
Intxur elkarteak aurten ere Aldabako festak antolatu ditu bihartik hasita astelehena arte. Orain arte antolatzen zituzten, baina noski, ez Intxur taldea bezala. Aurten, berritasunen artean, txirrindulari igoera dago. «Uganen ere egiten dugu. Igandean izango da, 12:00etan: jendea ikusten da entrenatzen». 4 kilometro eta 700 metroko igoera da, eta Aldabara joateko tunelean izango du hasiera. Bukatu, berriz, Aldabako gunean bukatuko da.
Bihar hasiko dira festak, arratsaldeko txupinazoarekin. Ondoren, patata tortilla lehiaketa izango da. Zahagi ardoa izango da ondoren: «Giro oso ona izaten da zahagi ardoan».
Astelehena San Miguel eguna da eta meza ondoren hamaiketakoa izango da. Gaueko afarira joateko, txartela aurretik izan beharko da: «Pilotalekuan egiten dugu afaria. Iaz 150 lagun igo ziren, eta aurten 200 lagunentzako prestatu dugu». Trikitilariak ere izango dira afaria eta gaua alaitzen.
############
EGITARAUA
Irailak 27, bihar
18:00. Txupinazoa.
19:30. Patata tortilla lehiaketa. Jangaiak egongo dira prestatuta. Tresneria: sua, zartagia... Bakoitzak eraman beharko du.
21:00. Zahagi ardoa pilotalekuan. Eserlekua eta edaria egongo dira (ardoa eta sagardoa). Gainerakoa bakoitzaren esku. Bertsolariak ere izango dira.
Oharra. Afarian Hernaniko bertso eskolako bertsolariak ariko dira.
23:30. Erromeria Ansorregi, Larrañaga eta Lutxurdioren trikitixa doinuekin.
Irailak 28, igandea
11:00. Meza Nagusia.
12:00. I. Aldabako Txirrindulari igoera herrikoia. Izen-ematea Kantilean, 11:30ean izango da.
18:00. Ikaztegietako dantzariak. 19:00. Ume jolasak.
Jarraian. Erromeria Ostolaza eta Andonegi trikitilariekin.
Irailak 29, astelehena
11:00. Meza Nagusia.
12:00. Hamaiketakoa herritarrentzat.
18:00. Lur Korta ipuin kontalaria izango da.
Jarraian. Txokolatada.
20:30. Herri afaria Lizarraga eta Larrañagaren trikiti doinuekin.
Oharra. Aurrez txartela erosi beharko da , igandea baino lehen, Tolosako Iturri kafetegian edo Aldabako Ostatuan.
############
Erakusketak
Marce Tenaren begiei buruzko margolanak
ALEGIA, Jubilatuen tabernan - 2009-01-07
© Tolosa Herria Hedabideak S.L. - Araba etorbidea 5, atzea 20400 - TOLOSA - Tel.: 943 65 56 95
Faxa: 943 65 00 18 - E-posta: tolosaldean@tolosaldekohitza.info
Internet Ehuntzen S.L.-k garatua
Tolosa Herria Hedabideak S.L.ko kideak: Galtzaundi Euskara Taldea
Bertako Hedabideak (EKT)
eta Tolosaldeko Berriak Kultur Elkartea: 77 gizarte eragile.