
Irisgarritasuna sustatze aldera, igogailua jarri dute Kultur Etxean
Alegia ðð Eusko Jaurlaritzak emandako diru laguntzari esker aldaketak egin dituzte, Kultur Etxeko harrera gunea ere aldatuz.
NEREA URBIZU
Kultur eta Kirol Etxean udan zehar obrak egin dituzte, eta aldaketarik garrantzitsuena igogailua jartzearena izan da. Irisgarritasun planaren baitangoa izan da, hau da, ezintasun fisikoak dituztenek edo mugitzeko arazoak dituztenek Kultur Etxeak dituen zerbitzu guztiez gozatzeko, hain zuzen.Uztailaren 21etik irailaren 15era arte itxita egon da Kultur Etxea, bertako lanak zirela medio.
Dena dela, oraindik ere igogailua ezin da erabili, azken kontrolak egin behar zaizkiolako, baina datorren asterako espero dute martxan egotea. «Proba batzuk egin behar dituzte oraindik, baina bukatuta dago». 125.000 euro inguru kostatu da eta Eusko Jaurlaritzak %30eko diru laguntza eman dio Alegiako Udalari. «Diru laguntza hau irisgarritasuna sustatzeko erabili behar zen: proiektua aurkeztu genuen eta baiezkoa erantzun ziguten».
Igogailuak bost geldialdi ditu
Oraindik ez dute Alegian irisgarritasun plan guztia zehaztu baina Kultur Etxearekin hasi dira eta bide horretatik abiatuko direla adierazi du Aitor Sarasola alkateak. «Beharrezkoa da egitea, eta aurrekontu pare bat eskatu ditugu. Bitartean, irisgarritasuna leku puntualetan ari gara aurrera eramaten, tartean Kultur Etxea izan delarik». Kultur Etxean «ume, gazte zein helduak ibiltzen dira, eta beharrezkoa ikusten genuen». Herriko teknikariarekin aztertu zuten, eta «Udaleko aparejadoreak proiektua egin zuen. Enpresa ezberdinei gonbidatu zitzaien aurrekontuak aurkez zitzaten».
Azkenean, Iparragirre-Sagastizabal enpresa arduratu da obraz. «Haien eskaintza egokiena iruditu zitzaigun, bai diruz, bai epez eta bermeaz ere». Alkatearen hitzetan, «lan txukuna egin dute eta gustura gaude egin dutenarekin. Eta inportanteena, irisgarritasun hori bermatu da».
Kultur Etxeko igogailuak bost geldiune ditu: aldageletatik hasita, harrera eta batzar aretora (Kultur Etxean sartzeko ate nagusikoa da), pilotalekuko gradetara, liburutegira, ludotekara edota eskulan eta dantza gelara iritsi ahal izango da.
Sarrera ere aldatuta
Igogailuarekin batera, Kultur Etxeko sarrera edo harrera lekua ere aldatu egin dute. Lehenago sartu eta parez-pare Kultur Etxeko arduradunak zeuden, baina orain ezkerreko aldean daude, eta parean dagoen gela, bilera gela izango da, nahi duenarentzat eskuragarri. Kultur Etxeko arduradunek esan bezala, «argi gehiago dauka orain, bai gure bulegoak eta baita bilera gelak ere».
«Sarrera lehen bezala dago, baina guneak aldatu egin dira zertxobait. Orain diskretuago dago, txukunago. Zertxobait zaharkituta zegoen lehenago eta orain sartzean beste itxura bat dauka», dio alkateak. «Egia esan, aparejadoreak lan txukuna egin du, zoriontzekoa , hain zuzen».
Irisgarritasun plan orokorra
Esan bezala, irisgarritasun plan orokorra egiten hastera doaz, herri guztiari begira, hain zuzen. «Oztopo fisiko horiek gainditzen jarraituko dugu datozen urteetan». Hala nola, espaloiei ranpak jarri, zebrabide goratuak, esaterako osasun zentruan igogailuak edo bestelako erraztasunak... egiteko asmoa erakutsi du Udalak.
Erakusketak
Marce Tenaren begiei buruzko margolanak
ALEGIA, Jubilatuen tabernan - 2009-01-07
© Tolosa Herria Hedabideak S.L. - Araba etorbidea 5, atzea 20400 - TOLOSA - Tel.: 943 65 56 95
Faxa: 943 65 00 18 - E-posta: tolosaldean@tolosaldekohitza.info
Internet Ehuntzen S.L.-k garatua
Tolosa Herria Hedabideak S.L.ko kideak: Galtzaundi Euskara Taldea
Bertako Hedabideak (EKT)
eta Tolosaldeko Berriak Kultur Elkartea: 77 gizarte eragile.